XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EAEko egoera soziolinguistikoa

Soziolinguistikazko mapa (1986.urteko erroldaren araberako EAEko azterketa demolinguistikoa) izeneko liburuan egindako azterketa-proposamenak betez egin da soziolinguistikazko inkesta hau.

Esan behar, bestalde, galdeketa behar bezala prestatzeko zenbait soziolinguista adituri beren lankidetza eskatu zitzaiela, horien artean oso bereziki J. Fishman, A. Tabouret Keller eta R. Bourhis aipa daitezkeelarik, galdesortaren azken proposamena Euskararen Aholku Batzordeko Demolinguistika batzordeak egin zuelarik.

Soziolinguistikazko inkesta hau burutzeko 5.300 elkarrizketa egin ziren Euskal Herri osoan: 2.800 EAEan, 1.200 Iparraldean eta 1.300 Nafarroan.

Nafarroako lanari dagokionez, bereziki eskertu behar da Nafarroako Gobernuko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak emandako laguntza osoa.

Iparraldeko ikerketa, berriz, Akitaniak eta Euskadik sinatutako lankidetza hitzarmenaren lan egitarauean txertatu zen lanaren zuzendaritzaz Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusia eta Euskal Kulturaren Erakundea arduratu zirelarik.

Ondoko orrietan EAEaz arituko garenez esan dezagun EAEko 16 urte baino gehiagoko biztanlegoa oinarritzat hartuta, guztira 2.800 elkarrizketa egin zirela (1.800 euskaldunei eta 1.000 erdaldunei).

Gero, jakina, emaitzak ponderatu egin ziren 1986ko erroldaren arabera euskaldunek eta erdaldunek zituzten egiazko tamainen arabera.

Lagin osoa hartuta emaitzen huts arriskua + %3koa dela estimatzen da, %95eko ziurtasun mailarako eta p = q = 50 proportzio aukeretarako.

Elkarrizketak egiteaz ondoko talde edo empresak arduratu dira: Iparraldean SIADECO, Nafarroan NEURRIAK eta EAEan COS eta NEURRIAK.

Aurrerago jo baino lehen, nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet C. Echevarria jaunari datuen trataerarako emandako laguntza eskergagaitik, P. Sagardoy jaunari prestatu dituen ehundaka grafiko eta mapengatik eta Iñaki Mz. de Luna jaunari, (...).